
ETA GAINERA!!
“LEHEN GIZAKIAK GARA” – Ene Kantaken proiektu berriaren aurrerapen bideoklipa.
Urriaren 17an Ene Kantak Bisonte mastodontearen bila disko berria argitaratuko dugu. 14 abesti berri, dagozkien 14 bideoklipekin, USB euskarrian.
Lehen gizakiak gara Ene Kantak bisonte mastodontearen bila proiektuaren laburpentxoa da, bideoklip bat.
Proiektu berri honek euskararen erabilera sustatzen du, eta baita guraso eta seme-alaben arteko harremana erraztea ere. Hiru ataletan dago banatuta: USB itxura duen diskoa (urriaren 17tik aurrera Spotify, YouTube eta beste hainbat plataforma digitaletan eskuragarri), Nerea Urbizuk idatzitako eta Mikel Santos "Belatz"ek ilustratutako LIBURUA (urriaren 28an argitaratuko dugu), eta IKUSKIZUNA. Azken hau Atarrabian estreinatuko da, urriaren 26an. Ondoren, Bilboko Euskaldunara, Donostiako Victoria Eugeniara eta Iruñeko Baluartera joango gara. Gutxi barru leku gehiagoren berri emango dugu.
Abentura berri honetan Ene Kantakek Historiaurrera bidaiatuko du, zehazki Aralarrera. Era errazean gure arbasoen bizimodua kontatzen du.
Gure ingurua errespetatzearen eta ezagutzearen balioa azpimarratzen ditugu, naturaren baliabideez eta naturaren zaintzaren garrantziaz gain.
Gizarte gero eta indibidualistago honetan, haurren sormena eta ikaskuntza xaxatu nahi ditugu, elkarlana eta taldearen kide izatearen garrantzia sustatuz. Gure inguruan dugunaren balorea eta garrantzia ikusiarazi nahi diegu.
Genero berdintasunean aurrera jarraitu nahi dugu: besteak beste, tradizionalki gizonezkoei egotzitako funtzioak emakumezkoei emango zaizkie: gehiengoa emakumezko protagonistak izango dira.
Laburbilduz:
LEHEN GIZAKIAK GARA abestia YouTuben: 2024.09.26
Diskoa USB euskarrian eta Spotifyn, YouTuben: 2024.10.17
IKUSKIZUN berriaren estreinaldia ATARRABIAN: 2024.10.26
LIBURUA salgai https://enekantak.org webgunean: 2024.10.28
DATA GEHIAGO:
BILBO · EUSKALDUNA JAUREGIA 2024.12.23
Oraindik honen berri eman ezin dugun beste bat: 2024.12.26
DONOSTIA · VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA: 2024.12.28/29
IRUÑEA · BALUARTE: 2024.12.30
Eta honen guztiaren ezinbesteko parte izan nahi baduzu, eduki guztiak inork baino lehenago jaso, abantaila bereziz baliatu (sarrerak, zozketak), nahi duzunaren izena idatzita izango duen kamixeta pertsonalizatua eskuratu, urtebetetzea zoriontzeko bideotxoa jaso, edo gure dendan %50eko beherapena izan, egin zaitez bazkide: https://eutsienekantak.eus-en, urteko 20 euroren edo 35 euroren truke.
Comments